XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Rossiniren Il barbiere di Siviglia opera frantsesez Miarritzen

Jatorrizko bertsioko musika hartuz, komiki kutsuko bertsio modernoa antzeztuko du

Bordeleko opera taldeak Rossiniren obra famatua aurkeztuko du arrats honetan Miarritzen.

Jatorrizko bertsioko musikak eta hitzak hartuz, bertsio modernoa antzeztuko du, komikien munduan oinarrituz.

Lehen aldia da sorkuntza bat estreinatuko duela Bordeletik kanpo.

HITZORDU lirikoak atsegin ditu Miarritzeko publikoak, eta batez ere operak.

Varsoviako operaren bi ikusgarriren ondotik otsail hasieran, Bordeleko operak antzeztuko du gaur Il Barbiere di Siviglia Rossiniren obra arrakastatsua.

Denboraldi lirikoaren hitzordu nagusia izanen da, zeren Bordeleko operak Miarritze Kultura taldearekin sortutako ekoizpena izanen da.

Opera antzeztuko dute Hiriko Kasinoan, arratseko 21:00etan.

Rossiniren obra hori maiz antzeztua izan da mundu osoan.

Alabaina, ezohiko hitzordua hitzeman dute Laurent Laffargue eszena zuzendariak eta Phillipe Beran Bordeleko taldearen zuzendariak.

Lehendabizi, lehen aldia da Bordeleko operak sorkuntza estreinatuko duela Bordeleko Antzoki Handitik kanpo.

Miarritze Kultura taldearekin egindako akordioaren ondorioz, opera taldeak dozena erdi bat ikusgarri eskainiko ditu eskualdean, Bordelen aurkeztu baino lehen.

Miarritzeko ikusgarriaren ondotik, hitzordu bat finkatuko du Donostian ere.

Sorkuntzaren bigarren berezitasuna izanen da opera frantsesez eskaintzea.

Izan ere, eszena zuzendariak eta operaren zuzendariak Rossiniren musika atxiki badute ere, frantses bertsioa emanen dute, jatorrizko bertsioa errespetatzeko adierazi zutenez.

Hain zuzen, Beaumarchaisen operaren izeneko antzerkia oinarritzat hartu zuen Sterbinik, Rossiniren liburuttoaren idazleak.

Ondorioz, jatorrizko frantses bertsioa antzeztea interesgarritzat jo zuten bi artistek.

Komiki giroa sortzeko xedea

Frantses bertsioa hautatuz, Laurent Laffargue zuzendariak aitortu zuen garrantzi handiago eman diola antzerkigintzari.

Lehen aldia da antzerki gizon horrek kudeatu duela obra lirikoa, eta benetako desafioa izan zela gehitu zuen.

Ipuina landu dut, txoria kaiolan eta haurtzaroaren leloak, baita komikia eta comedia dell'arte-ko araudiak

Hain zuzen, opera mugimendutsua sortu nahi zuen, forma arinak eta azkarrak sortuz, musika horrelakoa baita!

Laffarguek nahi zuen komiki giroa sortu, eta, aktoreek azpimarratu zutenez, lan handia izan dute sorkuntza lantzeko.

Joko anitz landu dute eszena gainean, eta antzerkilarien benetako lana izan dute.

Apainketari dagokionez, Eric Charbeauk eta Philippe Casabanek egin dituzte dekoratuak.